“EUSKARAZ BIZI NAHI DUT” III. HERRI-LASTERKETA
OIONEN
“Da, da, da,
euskara polita da”, “Gin, gin, gin, euskaraz hitz egin”,
“Ari, ari, ari, euskara lehendakari”, “Hemen gaude euskararen
alde”... Bai, iritsi zaigu “Euskaraz Bizi Nahi Dut”
herri-lasterketa, hirugarren aldiz iritsi ere. Oiongo eskola, ikastola eta
euskaltegia aritu gara Oiongo lasterketaren prestaketan, aurrekoetan bezala. Lehenbiziko
urtean, 100 korrikalari inguru aritu ziren; iaz, 120 petotik gora banatu
genituen; eta aurten? Auskalo, zurekin, irakurle, bat gehiago.
Oionen, urriaren 26an
ospatuko dugu lasterketa. Ordu batean izango da hasiera plazan. Beraz, korrika
egin nahi duenak lehenago agertu behar du izena ematera. 14 urtetik beherakoek
2 € ordaindu beharko dute parte hartzea, eta helduek 5 €. Kamiseta nahi
duen korrikalariak 5€ gehiago beharko ditu. Ibilbidea kilometro ingurukoa
da, baina txikienek, luzeegi ez gertatzeko, parketik abiatuko dira.
Parte-hartzaile guztien
artean opari mundialak zozketatuko ditugu amaieran: DVD eramangarria, mendiko motxila,
mendiko makila, Euskaraz Bizi Nahi Dut opariak, libururen bat…
Behin, lasterketa eta
zozketa amaituta, Iruleko txistularien eta Oiana triki-taldearen laguntzarekin pintxo-poteoa
egingo dugu. Oiongo tabernariek egun horretarako “euskaraz bizi nahi dut”
pintxo bereziak prestatuko dituzte, eta 1,5 €ren truke pote batekin
batera dastatu ahal izango ditugu.
Igandera arte